Joan den igandean, irailaren 29an, alemaniar hiriburuan maratoilarien egutegiko majors-etariko bat ospatzen zen: Berlineko maratoia.
Askorentzako eguneko berria Bekele munduko errekorretik 2 segundotara gelditu zela izan zen bezala, Donostiarrak-eko bazkideek gure begirada Berlinera helburu politekin joan ziren gure bi bazkideengan ipinita genuen: Alazne eta Fidel. Biontzako ibilbide berdin bat, baina bi bizipen guztiz kontrajarriak.
Alaznek klubeko bazkide guztiekin partekatu ahal izateko pasa digun kronikatxoa helarazten dizuegu:
Berlin maratoiaren distantziak ekar dezakeenaren adibide bizi bat izan da: egundokoa (hala izan zen Fidelentzako) eta infernu bat (Alaznerentzako).
Hori bai umiltasunezko ikasgaia! Hau nik diot, Alaznek. Pertsonez beteriko mareak eta mareak aurreratzen zaituztenean, ezintasunez beterik hauek jarraitzea ezinezko egiten zaizula ikusten duzunean… Zalantzaz beteriko hiru aste izan dira, ezkerreko hankak nerabezaroko jarrerak izan ditu, guztiaz kexu eta gure erlazioaren mugak bilatuz. Ez da posible izan. Ibilbide guztia egin bai, baina inoiz ez bezala sufrituz. Maratoi hauekin ere asko ikasten da. Jada indarberritze prozesuan gaude, hurrengo aukera batean berriro ere bazterrak nahasteko.
Fidelen inguruan zer esango dizuet ba! Ikaragarria. Lasterketa hobeezina, entrenamendu bikain baten ondorio garbia. Konfiantza izugarriarekin irten da, inork ez bezalako lasterketaren irakurketa egin du, inoiz ez bezala gozatu du, soilik niri zer pasatu ote zitzaidan horrekin lausoturik.
Beno, esperientzia paregabea, antolakuntza aldetik lasterketa bikaina, giroa ibilbide guztian zehar hamarrekoa, maratoiaren alde guztia ematen duen hiri batekin. Eta, nola ez, bai edo bai bisitatu beharreko hiri bat.
Zorionak bikote Donostiarrak familiako kide guztion partez!