Joan den igandean, maiatzaren 13an, aurtengo VIII. Erlaitz Aiako Harriak lasterketa ospatu zen. Ander Arrietak, klubeko azken fitxajeetariko bat, bertan parte hartu zuen. Bere kronika uzten dizuegu:
TXALO ZURETZAT lelopean, non lasterketako kamiseta guztiak emakumezko taillarekin banatu ziren, gure neskei, emazteei, alabei, amatxori, lagunei banatu eta, oraindik korrika egiten ez badute, datorren urtean ibilbidea egitera animatu ahal izateko.
Iñigo Valbuena ere omendu zen, orain gutxi zendutako antolakuntzako kidea. Bere aurpegia dortsaletan eta karteletan agertzen zen eta minutu batetako isilunea egin zen lasterketari hasiera eman aurretik.
Ni, aurreko gauean beti izan ohi ditugun zalantzekin oheratu nintzen, euria egingo du, ez du egingo, tiradun kamiseta, bi kamiseta, beso-erdiak, bezperan “Corre Forrest”eko kideekin (klubeko korrikalariz osatutako talde xaxatzailea) ohiko whatsappeko mezuak...
Gauean zehar euri-jasa bat bota zuen, beraz argi nuen zein txapin mota jantziko nituen, takodunak zalantzarik gabe.
Etxetik irten ahala, nire ezkaratzetik ikusten den Aiako Harrietara begiratu eta hodeiren bat ikusi arren, ateri dago eta korrika egiteko tenperatura bikaina egiten du. Ongi! Dortsala jaso ondoren Olan aparkatzen dut. Antolakuntzak oso ongi prestaturik du dortsal-jasotzearena, aurretik jaso ez baduzu, zuzenean kotxetik jaitsi gabe ematen bait dizute aparkalekura iritsi aurretik dagoen bidegurutze batetan. Irteera-gunean mundu honetako hiru “makinekin” egiten dut topo, lasterketa aurretiko kafea hartu ahal izateko oraindik ateak ireki ez dituen Ola Sagardotegiren atarian: Ander Iñarra, Hassan Ait Chaou eta Martxel Bereau, hurrenez hurren, lasterketa lehenengo, bigarrengo eta seigarrengo postuan amaitu zutenak.
Sagardotegi aurreko zelaian beroketa txiki bat eta ia ohartu gabe Martxel eta bioi irteerarako ordua gainera datorkigu. Elkarri zortea opa eta 22,5 kilometroei, 1.300 metrotako igoerarekin, ekiten diegu. Lasterketak hiru igoera garrantzitsu ditu: Amasain, Pagogaina-Erlaitz (481m eta 499m) eta Irumugarrieta (821m), punturik garaiena. Nahiz eta mendiko lasterketatan gertatu ohi den bezala, hasiera batetan arreta deitzen ez diguten puntuak egon arren, antolakuntzak proban jarriko gaituen enboskadaren bat edo beste gordetzen du normalean.
Lehenengo igoera Amasainekoa da, lasterketa pelotoian irten arren, lehenengo igoeratxoak korrikalari guztiak bere tokian jartzen dituzte, tenperatura freskoa da eta ez du euririk egiten. Igoera honen ondoren, lehenengo jaitsiera garrantzitsuan zorua egoera onean aurkitzen da, bustia egon arren, putzu eta lokatz askorik gabea.
Jaitsiera honen ondoren eta jada hankak beroturik ditugunean, Pagogainako igoerari aurre egiten diogu, %38ko portzentaiko maldekin, igoera estu bezain polita mendigain moduko batetatik, inguruan bere garaian izan zen gotorlekuaren hondarrekin (Pika Dorrea). Maila hau gainditu ostean, korrika egin ahal izateko tarte lau bat eta berriro ere beste igoera bat, oraingoan Erlaitz, laburra baina gogorra, gehienbat atzean utzitako ibilbideak sortutakoarengatik.
Erlaitz atzean utzi dugunean, lasterketako unerik garrantzitsuenera gerturatzen gara, Irumugarrietako igoera, Aiako Harrietako gailurrik mitikoenetako bat. Basoa atzean utzi ahala, bideak gorako joera hartzen du eta lehenengo igoerarekin hasten gara, larreetatik harroketara igaroz. Berriro ere harri solteko ibilbide sigi-sagatsu batetatik basoa atzean uztea lortzen dugu eta azkenik, lasterketako punturik gorenera eramango gaituen maldarekin hasten gara, tontor harritsu batetan amaituz.
Hatsa berreskuratu ostean, jaitsierarekin hasten gara, ibilbideko zonarik teknikoenetik igaroz, harri bustietatik, eta tontorretan sartu diren hodei baxuekin, tentuz ibili beharreko zona bat, are eta gehiago baldintza hauetan.
“Castillo del Inglés” ezagunera iristen gara, non ibilbideak joera gorabeheratsua hartzen duen arren, hankak zigorturik utzirik, ibilbideak baso bat zeharkatuz beherako joera hartzen du Ola Sagardotegiraino. Hemen ibilbideak, guztia amaiturik zegoela pentsatzen bazenuen, azken oparitxo bat jasotzen digu, 500 metrotako larre batetan zehar igoera batekin helmugara iristen da, hori bai bi alboetara jendez beteta, euren animoekin azken sufrimendua eramangarriagoa eginez.
Amaieran pozik, lasterketarekin gustura, eta lasterketa indarrez amaitu dudanaren sentsazioarekin. 248 parte hartzaileetatik 53.go postuan, 2:15:57 denborarekin.
Podiumean, gizonezkoetan, Ander Iñarra (1:49:40), Hasan Ait Chaou (1:50:08) e Ioritz Conde (1:55:31).
Emakumezkoen podiumean berriz, Alicia Olazabal (2:19:44), Maud Combarieu (2:22:57) y Amaia Amantegi (2:26:15)