Ekainaren 22an, larunbata, Legorreta Corpus Christie Krossaren edizio berri baten agertokia zen. Klubak eskuak irekita hartzen gaituen herri honetara joateko irteera bat antolatzeko ahaleginak egin zituen, baina oraingoan deialdiak ez zuen horrenbeste arrakastarik izan (ez iaz bezalakoa, behintzat).
Hitzordua goizeko 11,30ean zen eta hara gerturatu ziren, kluba ordezkatuz, Oihana Oleaga, Miguel Ángel Goya, Agustín Molina eta Josu Mendivil. Korrika egitera ez, baina gure Jesus Eguimendia maitea han zegoela nabarmendu beharra dugu, gure korrikalariak animatzera gerturatu zena.
Guztira 188 korrikalari izan ziren lasterketan parte hartu zutenak. Guztien artean Oihana Oleagak emakumezkoen kategoria absolutuan lorturiko bigarrengo postua goraipatu beharra dugu. 30 minutu 23 segundotako denbora erabili zuen ibilbideko 7,5 kilometroak burutzeko. Irteera oso azkar baten ostean, beroa eta nekearen ondorioz lasterketaren bigarren erdian sufritzea tokatu zitzaion, baina barrutik indarra ateraz, eta lasterketaren azken zatian Agustín Molinaren laguntzarekin, helmugara bigarren tokian iristea lortu zuen, oso hilabete gutxitan eman duen kalitate-jauzia azaleraziz. Agustinek, Oihanaren denbora berarekin, 50. postuan amaitu zuen.
Zertxobait atzerago, eta helburu ezberdinekin, Josu Mendivil eta Miguel Ángel Goya iristen ziren, 38 minutu 5 segundo eta 39 minutu 4 segundotako denborekin, hurrenez hurren (123 eta 135. postuetan).
Aurten ere antolakuntzak, herriko plazaren erdian, korrikalari zein animatzera hurbilduriko guztientzako prestatu zuen hamaiketako bikaina azpimarratu beharra dugu. Zein modu hobeagorik podium bat ospatu eta Legorretan igarotako goiz polit bati amaiera emateko!
Zorionak guztioi, bereziki Oihanari, Donostiarrak familiako kide guztion partez!