Carlos Pérez gure laguna 8 egunez granadar lurraldean ibili ostean itzuli berri da, guztia ez bait da PM2.5 partikulek eragindako kutsadura neurtzen aritzea era.
Jarraian bidaltzen dizuegun agirian Donostiarrak-eko kideentzat interesgarria izan daitekeen informazioa bidaltzen digu, Veleta mendi elurtura eginiko igoerako irudiekin batera.
Bere artikulua zuekin partekatzen dugu...
Juan izeneko bere lagunarekin, duela 50 urte baino gehiago valladolidtar lurretan ikasten ari zirenean ezagutu zuena, eta iaz Burgosen Vivar del Cidetik Valentziarainoko ibilbidean lagun izan zuena (12 etapatan 1.200 km eta 12.000 metroko igoera egin zutenak), beraien bizikleta elektrikoetan ibilbide zirkular bat burutu zuten Sierra Nevadako Parke Nazionalaren ingurutik, hasiera eta amaiera Granadan eman zutelarik.
8 etapa ahaztezin izan dira, 25 gradutik gorako tenperaturekin, Veleta mendira eginiko igoerarekin hasiera eman ziotelarik (3.396 metro eta 0 gradu inguru). Ondoren granadar goi Alpujarrako herri ederretara joan ziren, Raguako portua igoz (1.000 metrotako igoerarekin). Amaitzeko Guadix inguruko herri txikietan barrena ibili ziren, berriro ere Granadan amaitzeko.
Hurrengo egunean 10 kilometrotako txango txiki bat burutu genuen Granada monumentalaren barrutik, beste lekuen artean, Sacromonte, bere Abadia eta ijitoen Kristo originalarekin, eta Albaicín-eko begiratokia bisitatuz, Alhambrako ikuste ikusgarriekin, eta bertako giro bikaindun terraza batean bazkari informal batekin amaituz.
Gauean Granadako futbol taldeak lehenengo mailara igotzeko giltza lortu zuen eta hiriko giro bikainarekin bat egin genuen.
Lehenengo etapa, Granadatik Pradollanoko eski-estaziora bitartekoa, Sierra Nevadako antzinako tranbiako bide berdetik egin genuen, orain 100 urte baino gehiago irekitakoa, Genil ibaia eta Canales urtegi ondotik doana, ia autorik gabeko errepidetik eta Güéjar Sierra herri ederretik igarotzen dena.
Maiatzaren amaieran egon arren, Sierra Nevadak oraindik elur dezente zuen. Pradollanotik hurrengo egunean Veleta tontorrerako bideari ekin genion, 12 km eta 1.300 metroko igoera metatua. Igoera ikaragarria inguruko ikuste ikusgarriarekin, 3.000 metrotatik gora zailduz joan zena, hasieran errepide bazterrean bilduriko elurrarekin elurra kentzeko makina pasatzearen ondorioz, ondoren kontu handiz pedalei eragitea behartzen zintuen elur izoztuarekin, eta 3.200 metrotatik gora aurrera egitea eragozten zintuen elurtegi izugarriekin.
Bizikletak kandaturik utzi genituen eta igoerako azken 150 metroak oinez igo genituen harrizko bidetik barrena. Zenbait mendizalerekin aurkitu ginen, eta tontorrean champagne botila batekin ospatu genuen beteriko helburua.
Eguerdi eguzkitsu eta argiari esker Azcazaba, Mulhacén… eta beheran Capileirako alpujarratar herriaren panoramika ikustarria genuen, Veletatik zuzenean jaitsi ostean gure helburu zen herria.
Bilduriko elurraren ondorioz ez genuen aterpetxera gerturatzerik izan.
Bitxikeria moduan, tontorretik oinez jaisten ari ginenean, gerritik gora biluzik zihoan korrikalari batekin egin genuen topo. Berarekin hitz egiten hasi eta lasterketa baterako prestatzen ari zela esan zigun, Granadatik Veletara, ofiziala ez zen lasterketa bat.
Hotzik ez zuela esan zigun, argazkirako gorputza ukitu nion eta ez zuen hotzik, guk ordea bi termiko generaman jantzita, neguko maillot lodiarekin batera eta plastikozko txaketa bat ere.
Igoera, tontor eta jaitsieran “eroarekin” zenbait argazki eransten dizkizuet.
Granadar Alpujarratik, Sierra Nevadako hegoaldeko mendi-hegaleko oinetan, ondorengo herri politak igaro genituen: Padul, Órgiva, Lanjarón, Soportújar, Bérchules, Pampaneira, Bubión, Capileira, Trevélez (1.500 metrotara dago eta Espainiako herririk altuena da), Ugijar, Yegen, Válor, Mecina Alfahar, Mairena eta Laroles.
Soportújar herrian, errepidetik desbideratu ginen 6 kilometrotako pista bat igotzeko, %10eko pendizarekin. Osel Ling Erretiro Budistako Zentrora igo ginen, bakardadean meditazioa egiteko orientaturikoa.
1.600 metrotara kokaturik dago, Trevélez baino gorago, handik Mulhacén tontorra ikus daitekeelarik, baita Poqueira sakaneko herri zuriak ere: Capileira, Bubión eta Pampaneira.
Toki hobeezin bat, ez soilik budistentzat, baita estresaren aurkako zaintza bat behar duten horientzat ere, soinuetatik ihes egin nahi dutenentzat eta euren buruarekin bat egin nahi duten haientzat.
“Estupa”, argitzapenerantz bidea sinbolizatzen duen ohiko monumentu budista, zentroa ezaugarritzen duen sinboloa da.
Banakako erretirorako etxetxoak ditu mendian eta meditazio-ikastaroak eta filosofia budista intentsiboko ikastaroak antolatzen ditu. Heziketarako programa erregular bat dago ere, honen beharra duten haiei zuzendurikoa.
O Sel Ling-ek 25 urte baino gehiago ditu. FPMTra (Fundación para la Preservación de la Tradición Mahayana) afiliaturik dago.
Trevélez-en urdaiazpiko bikain bat dastatzen genuen bitartean, “La Indomable” La Marcha Cicloturista Internacional Sierras de la Alpujarrako parte hartzaileak iritsi ziren.
Iraunpen luzeko ibilbide zikloturista bat da, txirrindularitzaren maitaleak direnei eta jendeari orokorrean Las Alpujarraseko ingurua, herriak, paisaiak eta errepideak erakusteko helburuarekin.
Ibilbide honetaz gozatzen duten txirrindulariek (2.000 baino gehiagok), egun bakar batean Mediterraniar itsasertzetik Espainiako herririk altuenera joateko ohorea dute, 4.000 metro baino gehiagoko maldarekin.
La Indomable ahalik eta txirrindularirik gehientsuenei harrera emateko aukerarekin jaio zen, bata 197 kilometrotakoa eta bestea 120 kilometrotakoa, biak oso gogorrak bezain edertasunean bakarrak.
Laburra egiten zutenak Trevélez-en amaitzen zuten, gainerakoak Almeriara itzultzen ziren bitartean. Itzulerakoan hauetariko batzuekin topo egin genuen. Nahiko nekaturik aurkitzen ziren, baina bizikleta elektrikorik gabe, noski.
Yegen herri oso ezaguna da, bertan (1920-1932) 25 urterekin eta 2.000 bolumenekin, Gerald Brenan britainiar hispaniarra kokatu bait zen, “Al sur de Granada” eleberria idatzi zuena, ondoren zinemara eraman zena.
Bero bortitzaren ondorioz hidratazioa areagotzera behartuak geunden, herrietan geratzen ginelarik terraza egokien bila, Alhambra garagardoa edo inguruko ardo zuria edaten genuelarik, tokian tokiko “tapa”rekin (tamaina handikoak). Beraz gure lau geldialdiekin hidratatzeaz gain, bazkaldu ere egin genuen.
Hoteletik irteten ginenetik, eta bertara itzuli bitarte, 8-10 ordu ematen genituen. Itzultzean eskualdeko janaria afaltzen genuen: Alpujarrako zopa, alpujarratar platera, entsaladak, urdaiazpikoa… eta etxean eginiko azkenburukoak.
40-45 euroren truke afaldu, lo (banakako logelatan) eta laranja naturalezko zukuarekin gosaltzen genuen. Harrera ere bikaina izaten zen, jende atsegina bidean aurkitu duguna.
Bizikleta elektrikoak beti barrutietan gordetzen genituen. Askotan bateriak bizikletatatik kendu gabe kargatzen genituen, areto batean, patioan edota logela barruan ere.
Erreserbak ere momentuan egiten genituen, egun berean eta hautatzen genuen herritik igarotzean. Luxu handi bat!!!
Bereziki “El Suizo” ostatua nabarmendu nahi dugu, Granada hiri erdian, non hiru gau eman genituen, bata hasieran eta beste bi amaieran. Banakako logela 25 eurotan eta bikoitza 30 eurotan. Jabea Ignacio zen, familia giroko harrera egin gintuena, bere ostatuaren aurrean zegoen luxuzko hotel batean laranja naturalezko zukuarekin gosaltzeko %10eko beherapeneko txartelak ematen zizkigun, baita inguruko tabernatan edariak eta “tapak” dastatzeko ere.
Bizikletak logelan bertan edota barruko patioan jaso genitzake. Azken egunean tutu malgu batekin garbitu ahal izan genituen gainera.
El SUIZO ostatu oso GOMENDAGARRIA!!!
Xarmaz beteriko herri hauetatik igarotzean, Alpujarrako goikaldean zintzilikaturik, orain 18 urte 15 pertsonez osaturiko talde batekin eginiko txangoa zetorkidan burura. Julio Villar-ekin egin nuen 8 egunez, almeriar eta granadiar alpujarretatik, Sierra Nevada ekialdetik mendebaldera zeharkatuz, Genil ibaiaren iturburua ikusiz eta bere ibilbidea granadiar hiribururaino jarraituz. Hau ere ahaztezina.
Raguako tontorretik igaro ondoren, Granadara iritsi arte, ondorengo herriak bisitatu genituen: La Calahorra, Cogollos de Guadix (mozarabiar bidea pasatzen da), la Peza (ardo zuri eta beltz bikaina) eta Cenes de la Vega.
Guztira 500 kilometro inguru izan dira eta 10.000 metrotako igoera metatua.
Nabarmendu beharrekoa ere SEURek eskainitako zerbitzu bikaina bizikleta elektrikoak zakutoekin, kaskoekin... garraiatzerakoan (23 kg). 50 euroren truke penintsulako edozein tokira.