Joan den ekainaren 4an, larunbata, Iñigo González-ek Donostiarrak-eko kideak, Leitzako VII.go Euskal Herriko Mendi Erronkan parte hartu zuen. Ultratail batetan bere debuta izan zen… eta berak kontatzen digun bezala, asko sufritu ostean, bere ametsa errealitate bilakatu zuen, hau da, helmuga gurutzatzea. Mendiko handietariko batetan izandako bere esperientziari buruzko hitzak uzten dizkizuegu:
“Joan den larunbatean, ekainaren 4an, Leitzako VII.go Euskal Herriko Mendi Erronka ospatu zen, 67 kilometrotako ultratail bat, 7.200 metrotako desnibel metatuarekin, 3.600 metrotako aldapekin eta kilometro bertikal batekin. Goizeko 8,00etan irten ginen 750 korrikalari inguru, eguraldia ona zen, baina honek aurrera egin ahala beroa nabarmentzen hasi zen; nire lehenengo ultra izanik, helburu nagusiena helmuga gurutzatzea zen; nire anaiarekin irten nintzen, aurreko edizio guztietan irten dena eta horrelako lasterketatan eskarmentu handikoa, baita lankide batekin ere, gu baino 14 urte gazteagoa zena, eta debuta egiten zuena ere.
Hiru kontrolgune zeuden eta guztiak igaro genituen. Lasterketan aurrera egin ahala honen gogortasuna nabarmentzen zen lokatza ugaria zelako, gehiegizkoa… pentsa ezazue azken hilabeteetan zenbat euri egin duen. Arratsaldeko 18,00ak aldera ekaitz batek harrapatu gintuen, kazkabarra, tximista eta trumoiarekin… azkenean denboraz larri iritsi ginen, 12 h 36 min.tako denbora batekin. Azkenekoei, 15 korrikalari inguru, patrol batetan jaitsi behar izan zituzten ekaitzaren ondorioz, jada lasterketa bertan behera utzita zegoenean… 390 korrikalarik amaitu genuen lasterketa eta 350 korrikalarik hartu zuten etxerako bidea. Pentsa ezazue zein nolako alaitasuna hartu genuen helmuga gurutzatzerakoan, gehienbat debuta egin genuenok. Argazki batzuk bidaltzen dizkizuet.
PD. Lasterketa oso gomendagarria eta antolakuntza 10ekoa.”
Zorionak Iñigo!!!