Igandean, azaroaren 25ean, askorentzat urte hasieratik egutegian gorriz ipinitako eguna iritsi zen, gure hiriko Maratoia, horrenbeste korrika egin, entrenatu, horrenbesteko sufrimenduren ostean azterketa egiteko unea.
Eguraldiaren aldetik egunak ez zuen itxura txarrik. Tenperatura freskoa eta euriaren mehatxua (42 kilometro eta 195 metrotako lasterketa baterako, edota maratoi erdirako, nola ez, gehientsuenok sinatuko genituzkeen baldintzak direla uste dut).
Goizeko 8,30ean lehenengo hitzordua genuen Carmeloko biribilgunean, klubeko argazkia ateratzeko helburuarekin. Jende ugari bertaratu zen hona, gure Luis Peralta kidearen argazkietan ikus daitekeen bezala.
Argazkiaren unea pasa ondoren, norberari gainera zetorkionaz mentalizatzen joateko, nerbioak baretzen saiatzeko, berotzeko... ordu erdi baino gutxiago geratzen zen.
Beste behin klubeko kamiseta donostiar kaleetan zehar nabarmenki ikus ahal izan zela esan dezakegu. 50 korrikalari baino gehiagok ekin zioten lasterketa bat zein besteari goizeko 9,00etan. Denetarik egon zen: errealitate bilakaturiko ametsak, arrazoi ezberdinen eragindako lasterketa uztea, txakalaldiak, podiumak… Banakako kronikak egitea ezinekoa zait, baina ezin ditugu alde batera utzi eguneko lasterketa onak/bikainak, eta oraingoan Alazne Mujika (Gipuzkoako Maratoi Txapelketako garaile nagusia bere lehenengo postuarekin) eta Marian García (Gipuzkoako Maratoi Txapelketako bigarren sailkatua, Alazneren ondoren, eta bere kategoriako irabazlea) datozkit burura. Korrikalari guztiak ez ditudala aipatuko esan dudan arren, zuen baimenarekin, gure lehendakariaren salbuespena egingo dut, Javier Fuentes jaunarena (agintaritza duena zarelako eh!, jejeje), bere markarik hoberena egin zuelako 2 ordu eta 48 minututako denborarekin.
Guztira 37 pertsona izan ziren maratoiko helmuga gurutzatu zutenak eta beste 12 korrikalari maratoi erdia amaitu zutenak. Dena delarik ere Donostiarrak-eko parte hartzaile guztiak zoriondu nahi ditugu: amaitu duzuenak, amaitzerik izan ez duzuenak, zuen markak hobetu dituzuenak, ametsa bidean geratu zaizuenak, azken finean, irteera gunean ipini zareten guztiak.
Amaitzeko, eta beste hainbatean bezala, Luis Peralta (irteera zein helmuga inguruan) eta Karoloren (unibertsitateen inguruan) argazkien estekak uzten dizkizuegu. Bioi, eskerrak eman besterik ez zuen fotografia-erreportajeengatik.
Zorionak guztioi eta segi horrela!!!