Urte bakoitzeko abenduaren 31 korrikalari guztientzat San Silbestrearen sinonimoa da. Gipuzkoako herri askotan ohikoa da urtea agurtzeko lasterketa bat aurkitzea. Gustu guztietarako daude: lasterketa luzeak, laburrak, ertainak… partaidetza ertaina, handia… Baina guztiak dira urteko azken lasterketa.
Galdera izan ohi da… dena ematera ateratzen naiz eta urtea topera bukatzera? Edo, urteko azkena denez, gozatzera ateratzen naiz, senide edo lagunen bati lagunduz, mozorrotuz edo mozorrorik gabe...? Ziur klubeko kideen artean izan zela lasterketa helburu ezberdinekin hartu zuena, baina denek lortu zuten lasterketa berezi honetaz gozatzea.
Aurten Donostiako San Silbestrean izen-emate guztiak agortu ziren berriro. Eguraldia freskoa zen… ibilbide osoan jende asko egon zen animatzen… zer esanik ez Alde Zaharrari buruz, hau festa!
Baina San Silbestrea ez zen bakarrik Donostian egon. Errenterian ere hala gertatu zen, klubeko korrikalari batek irabazi baitzuen emakumezkoen sailkapenean: Alicia Vetas. Urte borobil bati amaiera emateko (Valentziako maratoian lortutako marka handiaren ondoren), 7 kilometroko lasterketa batean lehenengo postuan zeharkatu zuen helmuga, 26 minutu eta 31 segundoko denborarekin, bigarren sailkatuari ia minutu erdi ateraz. Zorionak Alicia!
Zizurkil, Hondarribia, Hernani, Irun, Pasaia, Beasain… izan ziren San Silbestre bereziak antolatu zituzten beste herri batzuk.
Laburtuz, lasterketa berezi bat, festa bat, 2019 urteko azken kilometroak gustuko dugun hura egiten amaitzeko aitzakia, hau da, korrika egitea… eta lagunen artean.
2020 urtean osasunak errespeta gaitzala eta kluba osatzen dugun guztion artean kilometro ugari partekatzen jarrai dezagula.