Running herrikoia.
Eta triatloia, mendia, igeriketa, ...

Joan den ostiralean, urriaren 19an, XXI. Hiru Handiak ospatu zen, mendiaren maitaleentzat Iraupen-Proba, 101 kilometrotako lasterketa, Gorbea, Anboto eta Aizkorri igotzen dituena. Iñigo González-ek, klubeko kideak, bertan parte hartu zuen eta lasterketan bizi zituen egoeren berri luzatzen dizuegu jarraian:

“Dortsalak Araian jaso genituen, Gasteizetik oso gertu, eta hantxe bertan afaldu genuen, ongi, espinakaz beteriko pasta platerkada bat, xerra patata eta piperrekin, tarta eta kafea, gauerako indarra hartzeko helburuarekin. Lasterketa Murgiatik irteten zen, gaueko 00,00etan; gaueko 22,00etan autobusez eraman gintuzten, 30 minututako bidaia lasterketa irudikatzen joan ahal izateko. Hara iristerakoan esnatzeko beste kafe bat hartu genuen; giro jator bat aurkitu genuen, lasterkari eta hauen laguntzaileez beterikoa. Gaua atsegina zen, 12 gradu eta laino pixka bat. Irteera-gunera 23,40etan gerturatu ginen eta beste hainbat lasterketetan gertatu bezala, spikear-a lanean zegoen guztiei animoak emanez. Ondoan nire anaia nuen, halakoetan eskarmentu handikoa, baita lankide bat ere, biok horren ibilbide luzeko lasterketa batean debutari ginelarik. Gorbea igotzen hasi genuen, igotzen ari ginen bitartean irudia ikaragarria zen, atzera begiratu eta kopetakoak zeramaten hainbat korrikalari ikusterakoan. Ez dut askorik luzatu nahi, baina eguraldiarekin zorte handia izan genuela aipatu nahi dut, lainoa baina tenperatura ona… guztia ongi joan zen, anoa-guneak, boluntarioak, lasterketa… baina 80. kilometroan babak irten zitzaizkidan eta azazkaletako minarekin hasi nintzen. Beraz helmugaraino sufritzea tokatu zitzaidan, azken 20 kilometroak infernu bat izan zelarik. Azken 13 kilometroak, Aizkorritik Araia bitartekoak, jaitsierazkoak ziren, pentsatzen duzue beraz, ezta? Dena delarik ere, oso gustura eginiko lanarekin eta lortutako erronkarekin. 1.400 korrikalari irten ginen eta 965ek amaitu genuen. Gu 540, 541 eta 542. postuan 20 ordu eta 35 minututako denborarekin.”

 

Zorionak Iñigo Donostiarrak klub osoaren partez!!!