Running herrikoia.
Eta triatloia, mendia, igeriketa, ...

Joan den maiatzaren 27an, Iñaki Lasak gure lurraldeko mendi lasterketa erreginan parte hartu zuen beste behin: Zegama-Aizkorri, 2.500 metro baino gehiagoko malda duen maratoia. Eta hau gutxi balitz, 17 ekitaldietatik 13tan izan dugu finisher-a. Jada bere “bigarren etxetzat” jo daitekeen honetan izan zuen esperientzia azaltzen digun kronika uzten dizuet:

 

“Aste guztia zeruari begira egon eta tximista batek 2 egun lehenago ibilbidean bertan zegoen zuhaitz bat zatitu ondoren, joan den igandean, maiatzaren 27an, “XVII. Zegama-Aizkorri maratoia” ospatu zen, non 13 ekitaldietan FINISHERa izatea lortu dudan.

Larunbat arratsaldeko iragarpenak iganderako ekaitzak saihesten zituen eta horregatik lasterketa bertan behera geratzeko arriskua uxatu zen, hori bai, kilometro ugari lokatz artean murgildurik egingo genituelaren jakinaren gainean geunden.

Lasterketa oso gogorra egin zen, batik bat hezetasunarengatik, gure giharrek behar baino gehiago sufritu zutelarik. Lehenengo 16 kilometrotan (ARATZ) ideiarik nagusiena erritmo bizietan sartu gabe, gorputza ahalik eta gehien zaintzea zen, ongi edan eta ongi janaz… baina hala ere, kalanbreen zantzuak saihestezinak izan ziren. 16. kilometrotik (ARATZ) 30. kilometrora (ANDRAITZ) sentsazioak nahiko onak izan ziren, lokatzik gabe eta eguzkiak berotzen zuelarik. Azken 12 kilometroetan berriro ere laino artean sartu ginen, lokatza genuen eta nire hanketako giharrak harriak ziruditen. Baina tira, azkenean egun polit bat irten zitzaigun, 5 ordu eta 43 minututako denborarekin.

Ez dut gaurko hau amaitzerik nahi jasotako animoak eskertu gabe, eta bereziki Tanit (Mikel), Iñaki Alkorta (Juani), Alazne eta Fideli… nirekin lasterketako une polit hauek partekatu izanagatik.

Eskerrik asko.

Zegama is Zegama.”

 

Zorionak Iñaki!!!

 

Eskerrak eman ere Luis Peraltari pasa dizkigun Iñaki Lasaren argazki politengatik.