Running herrikoia.
Eta triatloia, mendia, igeriketa, ...

Larunbatean, urriaren 6an, Txingudi Korrikako edizio berri bat ospatu zen, 10 kilometrotako lasterketa bat, hasiera Hendaian duena eta amaiera, berriz, Hondarribian.

Ander Arrietaren eskutik, klubeko kidea, bere kronika uzten dizuegu:

“Gertu bizi direnak beti iristen dira berandu. Honela iritsi nintzen Hendaia eta Hondarribia batzen dituen lasterketara, aurreko egunean Errealak San Mamesen lorturiko 1-3ko garaipenaren pozarekin. Lasterketa arratsaldean zenez, azkar bazkaldu, “tumbing” pixka bat eta “tira, Hendaiara pi-pa… batean iristen naiz” pentsatzen… baina ozta-ozta ez nuen irteera-puntura eramaten gintuen azken txalupatxoa galdu.

Iristen ari nintzen moduan aurreko txalupakoari “hurrengo txalupan sartzen ez direnak, ez dira irteerara iristen” entzun nion eta entzun bezala “sar zaitez edo ez zara iristen” esan nion nire buruari. Hau ikusirik txartelak saltzen zituenari lasterkariei lehentasuna eman zezatela eskatu nion (gainerakoak Hondarribiko Marinan sabela leporaino beterik zuten frantses nagiak besterik ez ziren) eta hala egin zuen hango emakumeak, eskerrak!

Hala eta guztiz ere, erlojuarekin ipurdiari itsatsita iritsi nintzen eta kontsignatara iritsi bezala… tatxaaan! Kamioia jada joana zen eta, halako batean, non ikusi nuen Iñaki Gerika agurtzera zetorkidala “joe, etxekoak azkenekoak?” eta txantxari jarraipena emateko astirik gabe, egoeraren berri ematen diot eta halako batean, non ikusten dudan antolakuntzako kotxe bat eta barruan gazte bat bere ordenagailu eramangarriarekin eta lepo eginiko bildotsaren aurpegiarekin gerturatu eta motxila helmugara eramango didan galdetzen diot eta mutikoak, oso jatorra, ez zidan inongo eragozpenik jarri… buf! Eskerrak!

Baina oraindik berotu gabe eta 10 minutu besterik ez dira geratzen. Gaizki eginiko luzatze-ariketa sorta bat eta lasterketa arin bat abantzu batzuekin, arraioa guztia bikain doa…, irteera-gunera ez bait da denbora gehiagorik geratzen. 3:45eko erbia aurkitu eta itxarotera.

Errealitatean lasterketa hau oso ongi antolaturik dago, bai irteeran baita ibilbidean zehar ere, 10 kilometroak denbora ezberdinetan amaitzeko erbiekin:

1. Milakoa 3:45ean. 10 kilometroak 37:30ean egiteko

2. Milakoa 4:00an. 10 kilometroak 40:00an egiteko

3. Milakoa 4:30ean. 10 kilometroak 45:00an egiteko

4. Milakoa 5:00an. 10 kilometroak 50:00an egiteko

Eguraldia nahiko haizetsua zenez, gutxi gorabehera 6.go kilometroa arte erbiaren atzean egitea erabaki nuen. Hortik aurrera, Hondarribiko beste mutil baten ondoan (Mikel Etxabe), aurrera jotzea erabaki nuen, errelebo txikiak emanez, bakarrik joateak errespetua ematen bait zuen, batik bat aireportuko inguru horretan, haizeak gogotik jotzen bait du.

Gauzak nahiko ongi irten zirela uste dut eta erbiari minutu erdia kendu genion. Azkenean 36:56ko denbora batean amaitu nituen 10 kilometroak, 44.go postuan amaituz eta oso gustura geratuz, hori bai, txokolatezko domina lortu zuen Iñaki Gerika makinarengandik eternitate batera, hasieran izan zuen sabeleko minari buelta eman ondoren eta lasterketa bikain bat osatu ostean, 32:37ko denbora batean amaitu zuelarik.

Helmugan lehenengoa Unai Arroyo izan zen 31:34 denborarekin, bigarrengoa Jose Antonio Gomez 32:15ekin eta hirugarrengoa Iker Oliveri 32:20ko denborarekin.

Nesken artean lehenengoa Alejandra Arribas izan zen 38:58ko denborarekin, bigarrengoa bi minutu beranduago iritsi zen, Irene Sanzberro, eta hirugarrengoa Maialen Muñoz izan zen 40:45eko denborarekin.

Test-lasterketa polita etorkizuneko lasterketarako gorputza nola dagoen jakiteko, Hiru hondartzak, 15 kilometroak, Lasarte, Donibane, Behobia...”.

 

Zorionak Ander Donostiarrak klub osoaren partez!!!